Erakustaretoan izango den hurrengo erakusketa antolatzen ari gara. Uda osoan egongo da ikusgai denontzat, hemengo eta kanpokoentzat.
Izenburua: Soinu-dimentsioa
Komisarioa: José Igés
Gaiari dagokionez, erakusketa hau 1999ko udan leku berean egondako Soinuaren espazioa/begiradaren denbora erakusketaren jarraipena da; halere, oraingo hau aurrekoa baino haratago doa, enfasi berezia ematen baitio, izenak dioen bezala, soinuaren “beste dimentsioari”. Espazioa definitzen duten hiru dimentsioei denborarena gehitzeaz gain, erakusketak soinu-dimentsioa espazioan bertan ere kokatzen du; izan ere, Duchampen hitzetan, soinuak, besteren artean, “espazioa ere okupatzen” baitu.
Funtsean, obra horiek bisitaria espazioan eta denboran barna bidaiatzera gonbidatzen dute, espazio eta denbora jakin batzuetako bizipenetatik abiatuta, nola ez. Zentzu horretan, “soziofonia” nozioa aztertzen dutenei hots ematen diegu –esaera egokiagorik ez dago-, soinuaren esperientzia komunikazioaren eta harremanaren ikuspuntutik azaldu eta aztertzeko. Honela deskubritzen ditugu soinu-esperientziak berak ematen dizkigun “dimentsioak”. Izan ere, soinuak espazioa ere okupatzen du, eta instalazio orok, berez, denbora hartzen du. Baina proposamen honetan fenomeno gehiago ere gertatzen da: bibrazioaren fenomenoak metafora sinestesikoan murgiltzen gaitu, mugimenduari ere erreferentzia egiten dio (entzumen ibiltariak bidaia geldia egitera eramaten baikaitu, eta bai soinua, bai ikuslea, erlatiboki mugitu egiten baitira); proposamen batzuk ikuspuntu anizdunak dira, eta horietako batzuei esker, entzumenaren plano horizontala eta bertikala deskubritu daitezke; azkenik, ahantzi gabe, ikusleak berak ere prozesu horietan parte hartu egiten du. Horrez gain, “dimentsio” horietan bertan, paradoxa ere aipa daiteke, forma eta intentzioen ezagupenaren motor gisa, eta, paradoxan bertan, kode, energia-forma eta harremanen arteko transferentziei ere egin diezaiokegu erreferentzia.
Erakusketak ondoko funtsezko kontzeptuak aztertzen ditu:
. Sinergia: erakutsitako artelanei eta beren arteko loturei aplikatu ahal zaien estrategia orokorra da. Sinergia elementuak integratzean datza, eta bere emaitza osagaien batuketa baino zerbait gehiago da: bi elementu edo gehiago era sinergikoan batzen direnean, bakoitzaren kalitateak baliatu eta handitu egiten dira.
. Era guztietako transferentziak: idatzizko kodeetatik soinu-kodeetara (ALIEN, Valcárcel Medina), argitik soinura (Panhuysen), soinutik mugimendura (Arce, Lucier, Rocha).
. Soinu edo/eta argi uhinen islapena/bibrazioak: pantailetan eta egituretan (Leitner), uretan eta paretetan (Arce), ispiluetan (Oosterlynck), tauletan (Rocha), mintzetan (Lucier).
. Espazioen soinuaren bidezko neurketa: Oosterlynck, Bosshard, González Arroyo.
Eta hau da erakusketan parte hartuko duten artisten zerrenda:
– Alien Productions
– Mikel Arce
– Andrés Bosshard
– Ramón González-Arroyo
– Gary Hill
– Tom Johnson
– Donatella Landi
– Bernhard Leitner
– Alvin Lucier
– Badouin Oosterlynck
– Paul Panhuysen
– Manuel Rocha Ituribide
– Isidoro Valcárcel Medina
Leave a Reply
Lo siento, debes estar conectado para publicar un comentario.